ANTOLATZAILEA: Euroleague
GUNEA: Fernando Buesa Arenan ateak itxita jokatutako 14 partida, Gasteiz, Araba
PARTE-HARTZAILE KOPURUA: mundu mailako telebista-seinalea
GAIAK: kirola, saskibaloia
BERTAN: TD Systems Baskonia
ESATARIA: Xabi Perez
Mila esker!
Orain, datorren urtera arte behintzat, zuzeneko saskibaloiaz gozatuko ez dudanez, esan dezaket lagun bati mesede eginez hasi zena opari bihurtu dela azkenean. Gasteizera arratsalde batez hurbildu eta ingelesez pare bat galdera egiten hasi eta Euroligako denboraldi osoa betetzeraino. Edo gauza bera dena: Baskoniarekin gozatzea eta ordura arte telebistaz ikusten nituen talde eta jokalariekin txundituta geratu.
Inolako lotsarik gabe esan dezaket Euroligako nazioarteko seinalerako World Feed Reporter izatea gozamena izan dela. Eta protagonistei galderak, ingelesez, saskibaloitik ikasten jarraitzeko aitzakia.
Baina horren guztiaren gainetik, ezagutu ditudan pertsona guztien giza kalitatearekin geratzen naiz. Eskerrik asko taldeko jokalari guztiei, beti profesional eta prestu; Oiane eta Albertori, adeitsuak, gertukoak eta oso eraginkorrak. Eta, jakina, nire lankideak izan direnak: Iñaki Arenas, beti irribarre batekin lanean; Iñaki Otegi, zurekin ezinezkoa da aspertzea edo gauzak ondo ez egitea eta Aner Moreno, inoiz ez dagoela badirudi ere, beste guztia egotea lortzen du. Eskerrik asko hirurei hain erraz egiteagatik.
Eta bi izen bukatzeko.
Dusko Ivanovic. Aurkikuntza bat. Ez dakit nolakoa izango den etxe barruan. Ez dut jakin beharrik ere. Baina nirekin, gurekin, errespetuz, pazientziaz, arretaz eta gizalegez jokatu du eta, batez ere, oso hurbilerraza izan da. Havla Dusko.
Eta Fernando Sa. Urte luzez elkarren berririk izan gabe, eta saskibaloiarekin zerikusirik ez duen proiektu batek berriro elkartu gintuen. Horra egin didan oparia. Eskerrik asko, Fernando. Bizitzan dena ez da dirua. Esperientzia hau, ikaskuntza, adibide bat da. Eskerrik asko saskibaloiaren mundura hurbiltzea ahalbidetzeagatik, harrapatuta nauka.