Ez da ohikoa esatari bat hitzik gabe geratzea, baina batzuetan gertatu egiten da. Duela gutxi, VII. Irungo Milietako jardunaldi solidario, osasungarri eta inklusiboan gertatu zitzaidan. Eta eskerrak sari banaketa amaitua zela, bestela han geunden guztiok hunkituko ginen eta.

Ekitaldi honek bizi-ohitura osasungarriak sustatzen ditu eta, parte-hartzaileen izen-ematearen kopurua Gipuzkoako AECCri ematen diola nabarmendu nahi nuke. Egitarauaren baitan 5 kilometroko probetan lehen sailkatuentzako sari-banaketa aurreikusita zegoen, handbike eta gurpil-aulkitan parte hartu zutenei oroigarria banatzeaz gain.

Bada, 5 kilometroko proban, Cesar Perezek Espainiako errekorra ezarri zuen 65 urtetik gorakoentzako distantzian. Sari banaketan, errekorraren aurreikuspenik ez zegoen, ezta garaikurrik ere. Hala eta guztiz ere, iruditu zitzaidan haren ahaleginak merezi zuela errekonozimendua. Berriz diot, bere izen-ematearen kopurua AECCk jaso zuen. Megafoniatik deitu eta kaxoira igo zen, han geunden guztion txalo eta mirespena jaso zezan.

Emozioak amaitu zirela uste nuenean, inoiz ahaztuko ez dudan keinu bat izan zuen. Hurbildu eta belarrira zera esan zidan: “errekor hau zure aitonari eskaini nahi diot. Bera bezalako jendeagatik, asko izan ginen kirol honetan hasi ginenak”.

Une horretan zaila da emozioari eustea, baita malkoei ere, aitortzen dut. Ez nuen espero. Ez naiz horretaz aritzen. Baina norbaitek, hainbeste urte geroago, oraindik ere gogoratzen badu, are harroago sentiarazten nau. Atleta olinpikoak, futbolari profesionalak, asko dira ezagutu zuten kirolariak. Egia esan, herriaren esker on ekitaldi batean gogoan izateak hunkitu egin ninduen.

Eskerrik asko, Cesar, zure hitzengatik. Zure ahaleginagatik. Zure esker onarekin une hunkigarri bat gogoangarri bihurtzeagatik. Niretzat behintzat.

Eskerrik asko!