Eta iritsi da eguna. Entrenamendu askoren ondoren, egia bihurtu nuen duela aste batzuk aipaturiko asmoetako bat: lehen Maratoi Erdia osatzea.

Orduan aipatu ez nuena izan zen bertan aita omendu nahi nuela, pandemia baino lehentxeago hil baitzen. Eta gero eta argiago daukat lasterketaren garapena bere bizitzaren metafora bat izan zela.

Jaso ahal izan zituen prestakuntza eta balio onenekin, lasterketarako entrenamenduak bezala, familia bat sortzea erabaki zuen amarekin batera. Eta bizitzan zehar ahalik eta gehien ematen saiatu zen, nire lehen 17 kilometroetan egin nuen moduan.

Bere bizitzaren azken txanpan ere, nahiz eta osasun arazoak izan, azken unera arte konplitu nahi izan zuen, beti duintasunez. Horrelakoxeak izan ziren nire azken 4 kilometroak. Soleoan mina handitzen bazihoan ere, erlojuari begiratu gabe nire helburuarekin jarraitzeko asmoa bete nuen.

Aita lagun izan nuen azken 4 kilometroetan. Gogora etorri zitzaizkidan azken bi urteak elkarrekin, Berlinera egin genuen bidaia, ehunka elkarrizketa, helmugara iritsi arte.

Eta orain bai. Azkenean, nire helburua bete dudala senti dezaket eta bi urtez esateko gogoz nengoena esan…

ZURETZAT, AITA!