Imajinatzen dut denok, gaur egun, etengabeko ziurgabetasunean murgilduta gaudela. Izan ere, bizitzak erakusten digu zein azkar alda daitekeen dena gauetik goizera.

Lehengo egunean Gasteizera iritsi nintzenean Baskoniak Euroligan Unics Kazan talde errusiarraren aurka jokatu behar zuen partidari ahotsa emateko, eta bertan behera utzi zutenean Ukrainan izandako inbasioaren ondorioz, zirrarak hartu ninduen.

Ezin izan nuen burutik kendu zein ahulak garen gugandik milaka kilometrora gertatzen diren gatazken aurrean. Eta ez naiz soilik gertaera berriek nire plangintzan edo lanordu pila zeramatzan talde tekniko osoan izan duen eraginaz ari.

Urte hauetan ezagutu ditudan ukrainar eta errusiar jatorriko jokalari eta komunikabideetako kide guztiekin gogoratu nintzen. Imajinatu nuen nolako frustrazioa eta ezintasuna sentitu behar duten une honetan bi herrialdeetan bizi izango duten egoera desatseginaren aurrean.

Agertzen zaizkigun ezbeharretara etengabe egokitzea besterik ez zaigu geratzen. Nahiago nuke egunen batean denok konturatuko bagina gorrotoa ez dela inoiz konponbidea, eta guztion ongizatearen alde elkarrekin borrokatzen hasiko bagina.