Ekitaldietan hunkituta sentitzeko arrazoi asko daude; gaurkotasuneko gai batengatik, protagonistetako batek partekatzen duen testigantzarengatik, edo batzuetan, soilik, zure barruko zerbaitekin zuzenean konektatzen duelako. Hori gertatu zitzaidan duela gutxi El Diario Vasco egunkariaren Deportistas 5 Estrellas sarietan.

Datorren udan Frantziako Tourra Gipuzkoara itzuliko dela eta, txirrindularitzari omenaldia egin zitzaion bertan. Omenaldia, lau kirolarietan zentratu zen, aurreko mendearen amaieran zale asko batu zituzten txirrindularietan: Miguel Indurain, Marino Lejarreta, Abraham Olano eta Miguel Mari Lasa.

Lau txirrindulariei agertokira igotzeko eskatu nienean, 1990eko udarara bidaiatu nuen, nire aitak, zaletuen autobus batzuen arduradun gisa, Luz Ardidenen etapa ikustera eraman ninduen momentura hain zuzen ere.

Bidai hartatik gogoan ditut goizean goiz jaikitzea, portuaren jaitsieran izugarrizko auto-ilara zela eta Gandhi-ren pelikula osoa ikustea baina batez ere, gogoan dut Indurainek garaipena lortzeko Greg Lemond-i atera zion abantaila.

Nork esango zigun geroago zer lortuko zuen! Eta nork esango zidan 33 urte geroago, segundo batez bada ere, halako mito batekin partekatuko nuela agertokia.

Zirkulu bat ixtea bezala izan zen. Istant batean. Nire aita harro sentitzea espero dut.

Etorkizunera itzultzea izan zen.