Ziurrenik ez du telebista-saiorik irekiko eta ez da egunkarietako azaletan ageriko, baina bere “jarrera, jarduna eta ibilbideagatik” nabarmentzen den emakume gipuzkoarraren Carmen Adarraga Saria, berriz ere, albiste da niretzat.
Eta hala da berriro asmatu dutelako. Gure lurraldean hainbat emakumek merezi dute aintzatespen hori. Eta Garbiñe Etxeberria da horietako bat. Errekonozimendu egokia, jardunaz eta ibilbideaz haratago, jarrera ere aitortzen delako. Eta horretan, Garbiñek, liluratuta gauzka.
2011ko udaberrian Santo Tomas Lizeoko bulegora sartu nintzenerako banuen haren futboleko iraganaren berri, jakina. Baina bertan, gainera, beste hainbat dohain azaldu zizkigun: pertsona atsegina, lasaia, ulerbera… baita zintzoa, zorrotza eta zehatza ere. Bere jarrera.
Gerora, bai, Realak batu gaitu. Ez dakit zer gertatu ote zitzaion lortu duena lortzeraino. Ez dut jakin beharrik ere. Baina niretzat, guretzat, geratzen da Fundazio Egunean Erreginaren Kopa Gipuzkoara bueltan ekarri ondoren Z5ean elkarri eman genion bihotzeko besarkada hura.
Pozten naiz, Garbiñe, zuri eta zure taldeari gauzak ondo ateratzeaz. Merezi duzulako. Errekonozimendu hau merezi duzun bezala. Jardunagatik, ibilbideagatik… eta zure jarreragatik.
Bihotzez, zorionak Garbiñe!