Batzuetan, enpresa batek bere ekitaldia aurkeztuko duen pertsona bat kontratatzeko baloratu beharko lituzkeen faktoreei buruz galdetzen didate. Asko izan daitezke: adina, sexua, profila, hizkuntza, sektorearen ezagutza… Baina guztien gainetik, niretzat, inplikazioa dago.
Izan ere, gauza bat da ekitaldi bat aurkezteko konpromisoa hartzea, eta beste bat ekitaldiaren aurkezpenean inplikatzea. Adibide bat jarriko dizuet.
Larunbatean, Reale Arenako euskal derbia osatzeko hamaika ekitaldi antolatu zituen Realak. Bi taldeetako zaleen arteko harreman ona islatzeko aukera paregabea.
Atano III.ean pilotari mitikoek eskaini zizkiguten erakustaldi partidak dinamizatzeko ohorea izan nuen. Halako batean, partidaren erdian, antolakuntzako ordezkari gisa bakarrik geratu nintzen. Kasualitatez, une horretan epaileak mopa eskatu zuen pilotalekuaren aurrealdean zorua lehortzeko. Eta han ez zegoen inor moparekin irteteko.
Ordura arte, nik ekitaldia aurkezteko konpromisoa betetzen nuen. Baina haratago joan daiteke. Inplikatu zaitezke. Nola? Mikrofonoa utzi, aldageletako atean zegoen mopa hartu eta kantxara atera nintzen lehortzera, 600 zale baino gehiagok ikuskizunaz gozatzen jarrai zezaten.
Eta orain dator bitxikeria. Kantxa erdian lehortzen ari nintzela, mopa bitan zatitu zitzaidan. Une horretan, harmailetako barreen artean, desagertzeko gogoa izan dezakezu, edo krisia aukera bihurtu. Salto egin aurretik luzera jauziko atleta banintz bezala, txaloak eskatu nituen, kantxan zeuden lau pilotariei animo oihuak egiteko. Une hori aprobetxatu nuen mopa kiribildu, lehortu eta kantxatik ateratzeko.
Egia da bapateko erantzun horiek esperientziaren bidez lortzen direla. Epaimahaikideak zuzeneko ebazpen batean atzeratzen direnean, aurreskurako dantzaria garaiz iristen ez denean edo zuzeneko konexioak behar bezala funtzionatzen ez duenean bezala. Egoera modu profesionalean konpontzen jakin beharra dago.
Bada, egoera horiek konpontzeko gaitasunenan datza adibidez ekitaldi bat aurkezteko konpromisoaren eta ekitaldiaren aurkezpenean inplikatzearen arteko aldea.