El Diario Vasco-k banatzen dituen “Deportistas Cinco Estrellas” sariekin hasi zen astea eta aurten ere aurkezteko aukera izan nuen.
Begi bistakoa ez bada ere, mota honetako ekitaldiek aldez aurreko lan bat behar dute, eta lan horretan garrantzitsua da antolatzaileekin biltzea. Haiei entzutea eta ekitaldiaren helburua ulertzea funtsezkoa da zabaldu nahi duten mezuarekin bat egiteko eta eskaleta eta gidoi batetan zehazten eta hedatzen laguntzeko.
Galdetzen didatenean, beti erantzuten dut ekitaldiotan gidari izatea, funtsean, laguntzen eta behatzen saiatzea dela.
Batetik, benetako protagonisten babes ikusezin bihurtzea: merezi duten aurkezpena eskaintzea, blokeatuta geratuz gero esku bat botatzea, denborak kudeatzen jakitea.
Eta, bestetik, aretoko giroari neurria hartu, besteak beste, tonuaren modulazioa, erritmo-aldaketak eta abar erabiliz.
Gainera, adi egon behar dugu beti, sor daitezkeen ezustekoak naturaltasunez onartzeko eta gure emozioak kudeatzen jakiteko. Horrela, omendutako pertsonen eta haien senideen sentimenduekin enpatia izanez, emozio horrek gaindi gaitzan utzi gabe.
Ez dago formula magikorik. Urteek eta ekitaldiek erakusten dute xehetasun guztiak gobernatzen. Baina bada inoiz huts egiten ez duen araua: aurkezleak egiten duenaz gozatu behar du. Transmititzeko eta konektatzeko modurik onena da.